GIZARTE BERRIKUNTZAREN SARIA

Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Sariaren helburua da Nafarroan Gizarte Zerbitzuak ematen dituzten entitateak saritzea, baldin eta gizarte-erronkaren bat edo batzuk berrikuntzako eta gizarte-eraldaketako partaidetza-prozesuetan garatutako zerbitzu, produktu edo eredu berriekin jorratu badituzte.

Deialdi honen ondorioetarako, "Gizarte-berrikuntzatzat" hartzen da ideia berriak (produktuak, zerbitzuak eta ereduak) sortzea eta inplementatzea gizarte-erronkei erantzuteko. Aurrekoak baino eraginkorragoak, efikazagoak, jasangarriagoak, bidezkoagoak edo eraldatzaileagoak izan beharko dute eta beraien garapenean pertsonen partehartzea kontuan hartu beharko dute, harreman berriak sortuz eta herritarrak ahalduntzen lagunduz. Sozialak dira xedeetan eta baliabideetan.

Arautzaileak

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuen esparruan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko nahiz irabazi asmoa duten erakunde publiko edo pribatuek.
6.000 euroko saria emango da eskudirutan.
  1. Eskaerak navarra.es egoitza elektronikoan jasotako ereduaren araberakoak izango dira.
  2. Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko irailaren 11n amaituko da.
  3. Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiaren Gizarte Berrikuntza, Prestakuntza eta Europako Proiektuen Atalari zuzendutako hautagaien aurkezpena egoitza elektronikoan egingo da, bai eta Gizarte Eskubideen Sailaren erregistroan ere, Iruñeko González Tablas kaleko 7. zenbakian. Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein baliabide erabili ahal izango da.
  4. Hautagaiak jaso eta onarpen-epea amaitu ondoren, antolatzaileek aurrez hautatu ahal izango dituzte, eta memoriak saria erabakiko duen Epaimahaiari helaraziko zaizkio.
  1. Hautagaitza bat aurkezteari begira, saritua izan daitekeen "proiektutzat" hartuko da epe, aurrekontu eta giza talde jakin bat esleituta izan duen eta deialdi honen dataren aurreko bi urteetan hasi den erakundearen jarduera bat. Erakundearen ohiko jarduera ez da "gizarte-berrikuntzako proiektutzat" hartuko, ez eta duela urte batzuetatik hona maiz eta/edo behin eta berriz garatzen dituen programak ere.
  2. Hautagaitza arau bidezko eskabide-ereduan beteko da, behar bezala beteta eta Navarra.es egoitza elektronikoan eskuragarri egongo da.
  3. Hautagaitzarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
    1. Gizarte berrikuntzako proiektua deskribatzen duen memoria, Navarra.es egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera idatzia.

      Memoriak atal hauek izango ditu:

      1. IDENTIFIKAZIOA
        1. ENTITATE ESKATZAILEA(K)

          Entitatearen edo entitateen identifikazio-datuak (izena, IFK, harremanetarako datuak, deialdiaren arduraduna …) eta zuen profilaren deskribapen laburra (gehienez 500 karaktere gomendatuta)

        2. PROIEKTUA

          Proiektuaren izenburua, esku hartzeko eremua, hasiera- eta amaiera-datak, aurrekontua eta deskribapen laburra.

      2. ZERTAN JARRI DUZUEN FOKUA
        1. ERRONKA

          Esku hartzeko eremuaren testuinguru sozial eta ekonomikoaren eta horri lotutako gizarte-arazoaren deskribapen laburra. Proiektuarekin landu den erronka zehatza idaztea (gehienez 1.500 karaktere gomendatuta)

        2. JATORRIA

          Nola sortu zen ekimena? Nork pentsatu eta diseinatu zuen? (gehienez 500 karaktere gomendatuta)

        3. HELBURUAK

          Zeintzuk izan ziren finkatutako helburuak? (gehienez 1.000 karaktere gomendatuta)

        4. PERTSONAK

          Deskribatu proiektuan parte hartzen duten pertsonen profila (“onuradun” deiturikoak) eta zehaztu haien kopurua, sexuka bereizita (gehienez 500 karaktere gomendatuta).

      3. ZER EGIN DUZUEN
        1. KONPONBIDEA

          Zer konponbide garatu duzue? (gehienez 1.000 karaktere gomendatuta)

        2. BERRIKUNTZA

          Zerk egiten du konponbidea sozialki berritzailea izatea? (gehienez 750 karaktere gomendatuta)

        3. JARDUERA

          Zer jarduera zehatz egin dituzue? (gehienez 750 karaktere gomendatuta)

        4. BALIABIDEAK

          Zer pertsona-talde aritu zarete proiektuan lanean eta zer baliabide material eta ekonomiko erabili dituzue? (gehienez 750 karaktere gomendatuta)

      4. ZEHARKAKO ZER IKUSPEGIREKIN
        1. PARTE-HARTZE ETA AHALDUNTZEA

          Nola planteatu duzue parte-hartzea? Garatu al duzue sistemarik garapen pertsonala, ahalduntzea eta autonomiaren eta ehun komunitarioaren suspertzea sustatzeko? Zer rol bete dute pertsonek proiektuaren garapenean eta erabakiak hartzean? (gehienez 1.000 karaktere gomendatuta)

        2. GENEROA

          Nola landu duzue genero-ikuspegia proiektuan? (gehienez 500 karaktere gomendatuta)

        3. EKITATEA ETA IRISGARRITASUNA

          Neurri zehatzen bat sartu duzue zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen ekitatea eta parte-hartzea sustatzeko? Nola jorratu duzue irisgarritasunaren gaia? (gehienez 500 karaktere gomendatuta)

        4. JASANGARRITASUNA

          Ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak txertatu dituzue? (gehienez 500 karaktere gomendatuta)

      5. ZER ERAGIN LORTU DUZUEN
        1. EMAITZAK

          Zer emaitza kuantitatibo eta kualitatibo lortu dituzue? Zer balio sozial eta ekonomiko eman die proiektuak inplikatutako interes-taldeei? (gehienez 750 karaktere gomendatuta)

        2. ERALDAKETA

          Proiektuak egiturazko aldaketarik eragin al du arazoaren arrazoiekin lotuta? Eragin al du gizarte-eraldaketarik (harremanak, parte hartzeko aukera, enplegagarritasuna, aldaketak ekosisteman, kultura, erabakitzeko gaitasuna, autonomia pertsonala, etab.)? Aldaketak eragin ditu, proiektua gauzatu ondoren denboran iraungo dutenak? (gehienez 750 karaktere gomendatuta)

        3. ERREPLIKAGARRITASUNA ETA ESKALAGARRITASUNA

          Proiektuaren eragina hazi daiteke? Proiektu eskalagarria, erreplikagarria edo imitagarria da? Biderkatu al dezake bere eragina epe ertainera? Elkarlanean egin al da horien hedapena eta eragina sustatzeko? (gehienez 500 karaktere gomendatuta)

        4. IRAUNKORTASUNA DENBORAN

          Denboran zehar mantendu ahal izango dira emaitzak edo jarduerak? Izan al da aldaketarik, proiektuak jarraitzen duen edo finantziazioa dagoen alde batera utzita? Proiektua edo haren zati bat, soziala eta/edo ekonomikoki autosufizientea al da? (gehienez 750 karaktere gomendatuta)

    2. Aurkeztutako gizarte-berrikuntza erreproduzitzeko eta zabaltzeko baimen ziurtatua.

  4. Ez dira kontuan hartuko beste lehiaketa batzuetan sarituak izan diren berrikuntzak.
  5. “Tomas y Lydia Recari Garcia Fundazioa”k emandako Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuen Kalitateko Jardunbide Egokien Sariaren azken bi edizioetan sarituak izan diren hautagaitzak ez dira onartuko.
  1. Epaimahaia osatuko dute:
    • Eskubide Sozialen Sailburua.
    • “Tomás y Lydia Recari García Fundazio”ko Lehendakariordea.
    • Gizarte-mailan zein berrikuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloan ospe handia duten hiru pertsona, Gizarte Errealitatearen, Plangintzaren eta Gizarte Politiken Ebaluazioko Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiaren eta "Tomas eta Lydia Recari García fundazioaren" akordio bidez izendatuak. Horietako bat Epaimahaiburu izango da.
    • Idazkari jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe, Gizarte Eskubideen Saileko Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarte Berrikuntza, Prestakuntza eta Europako Proiektuen Ataleko buruak.

    Epaimahaiaren osaera argitara emango da bere erabakiarekin batera.

  2. Epaimahaiaren funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan jasotako arauen arabera arautuko da.
  3. Epaimahaiak hautagaitzak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatu ahal izango dizkie parte-hartzaileei, bai eta erakunde hautagaiei "in situ" bisitak egin ere.
  4. Epaimahaiak aholkulari teknikoak sartu ahal izango ditu, egoki baderitzo.
  1. Sari-proposamena egiteko eztabaidetan, Epaimahaiak irizpide hauek aplikatuko ditu:
    1. GARRANTZIA

      Jorratzen duen erronka sozialaren garrantzia eta proiektuaren helburuen garrantzia eta egokitasuna.

    2. PARTE-HARTZEA

      Proiektuan zehar garatutako partaidetza- eta ahalduntze-prozesuen zabaltasuna eta sakontasuna

    3. BERRIKUNTZA

      Garatutako konponbidearen eta prozesuaren berritasun-maila, hau da, proiektuak zer lortu duen eta nola lortu duen. Zein neurritan den desberdina eta zein neurritan den konponbide konbentzionalak baino hobeagoa, eraginkorragoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa izateagatik.

    4. ERAGINA

      Proiektuak lortutako emaitzak, sortutako balio soziala.

    5. ERALDAKETA

      Proiektuak gizartean sortu duen egiturazko aldaketa, arazoaren arrazoietan, eta ez soilik sintometan. Proiektuak sustatu dituen eta denboran iraungo duten harremanak, gaitasunak, botereak, paperak, aurreiritziak, oztopoak eta abar aldatzea.

    6. ERREPLIKAGARRITASUNA

      Proiektuak sortu duen gaitasuna, diseinuagatik, irekitasunagatik, lankidetzan lan egiteagatik, etab., haren inpaktua denboran handitu dadin, bai proiektua beste ingurune batean eta/edo beste erakunde batek erraz egin dezakeelako (erreplikagarritasuna), bai haz daitekeelako (eskalagarritasuna)

    7. IRAUPENA

      Proiektuaren iraunkortasun sozial eta finantzarioa, bere kabuz iraun dezakeena, finantzaketa espezifiko konstanterik behar izan gabe.

    8. GENEROA

      Proiektuak genero-ikuspegia nola jaso eta landu duen.

    9. EKITATEA

      Proiektuak ekitatearen eta irisgarritasunaren eredua bere aldaeretan nola jaso eta landu duen.

    10. JASANGARRITASUNA

      Eragin duen ingurumen-inpaktu positiboa.

    11. KOHERENTZIA

      Proiektuaren erabateko koherentzia, haren osagaien arteko lotura logikoa, hau da, erronka sozialaren, helburuen, jardueren, baliabideen, emaitzen, zeharkako ikuspegien eta inpaktuaren artekoa.

  2. Arau orokor gisa, aurkeztutako hautagaitza bakar bati saria ematea proposatuko du Epaimahaiak. Hala ere, Epaimahaiak, salbuespen gisa, honako hauek ere proposatu ahal izango ditu:
    • Hautagaitza bati baino gehiagori ex aequo saria ematea, eta Epaimahaiak berariaz arrazoitu beharko ditu horretara bultzatzen duten arrazoi bereziak. Kasu horretan, diru-saria zati berdinetan banatuko da saritutako hautagaien artean.
    • Merezimendu nahikorik egiaztatzen duen hautagairik aurkezten ez bada, saria eman gabe uztea.
  1. Epaimahaiaren erabakia hartzen den egun berean jakinaraziko da.
  2. Gizarte Eskubideetako Kontseilariaren Foru Agindu bidez emango da saria, eta interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, denek jakin dezaten.

Saria ekitaldi publiko bakar batean eman eta zabalduko da, Gizarte Eskubideen Sailak deituta, 2020ko azken hiruhilekoan, eta gonbidapena egingo zaie epaimahaikideei eta sarira aurkeztu diren erakunde guztiei.

Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Sarian parte hartzeak hura arautzen duten oinarri guztiak erabat onartzea esan nahi du, bai eta Gizarte Eskubideen Sailak antolatutako Gizarte Berrikuntzaren sariari buruzko banaketa- eta hedapen-jardunaldietan parte hartzea ere.

Sariaren prozesuan zehar esku hartzen duten pertsonek sariari buruzko konfidentzialtasuna gordeko dute.

Gizarte Eskubideen Sailak, Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiaren Gizarte Berrikuntza, Prestakuntza eta Europako Proiektuen Atalaren bidez, deialdiaren oinarriei buruzko informazioa emango du, telefonoz zein posta elektronikoz.

Gizarte Eskubideen Sailak emango du sariaren eta sarituaren berri, komunikabide arrunt eta espezializatuetan.

Gerta daitezkeen gorabeherak eta oinarri hauetan aurreikusi gabeko kasuak Gizarte Errealitatearen, Plangintzaren eta Gizarte Politiken Ebaluazioko Behatokiaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu.

Foru Agindu honen eta saria ebazten duen Foru Aginduaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuko diote Nafarroako Gobernuari, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

ARAUTZAILEAK JAITSI